Eneko 5. mailako mutila da. Azkeneko boladan jarrera aldaketa handia izan du: arreta galtzen du, klaseak oztopatzen ditu eta ez ditu etxeko lanik egiten; beraz, emaitzek behera egin dute. Gurasoei gutuna bidali zaie arazoaren berri emateko, baina ez dugu erantzunik jaso. Horregatik, beraiekin bilera bat egitea erabaki dugu.
GUTUNA
GUTUNA
Gasteizen, 2011ko abenduaren 2an.
Guraso agurgarriak:
Ohar honen bidez, zuen semea Enekori buruz hitz egiteko bilerara gonbidatzen zaituztet.
Izan ere, azken aldian izan duen jarrera dela eta, kezkaturik nabil. Beraz, abenduaren 7an goizeko 10:30etan biltzea proposatzen dizuet. Dena den, ongi ez badatorkizue, ordua aldatzeko aukera daukazue lehenago abisatuz gero.
Besterik gabe, etorriko zaretelakoan,
Izaskun Gomez
L.H. 5. Mailako tutorea

GIDOIA
· Bileraren arrazoi nagusiak:
- Enekoren jarrera zergatik aldatu den aztertzea.
- Gurasoei bidalitako gutunen erantzun eza aztertzea.
· Emaitza akademikoak:
- Hasieran onak izaten ziren; orain dela hilabete bat jaitsi egin dira.
- Ikasgai guztiak suspenditu ditu heziketa fisikoa eta plastika izan ezik (hauek gustuko ditu).
· Irakasle guztien balorazioa
- Heziketa fisikoko eta plastikako irakasleek: ondo lan egiten du.
- Guztien adostasuna:
o Ez ditu etxeko lanik egiten.
o Klasean duen jarrera txarrak taldeari kalte egiten dio.
· Arazoak maila sozialean:
- Ikaskide guztiekin ondo eramaten da, horren eraginez, despistatu egiten da. Gehiegi hitz egiten du.
· Klaseko jarrera:
- Denbora guztian hitz egin.
- Arreta erraz galtzen du; bai berak bai bere ikaskideek, beraren erruz.
- Adi ez dagoenez, ez ditu edukiak barneratzen. Ikaskideek ere ez.
- Ahulak ikusten dituen ikaskideak zirikatu egiten ditu.
- Irakasleari erantzun txarrak.
- Arazo nagusia: etxeko lanak ez ditu egiten; beraz, ez du aurrera egiten ikasketetan.
· Bileraren ondorioak:
- Pilak jarri edo errepikatu egingo du horrela jarraitzekotan.
- Egoera hobetzeko 3 astean behin gurasoekin batzartzea.
ROLE-PLAYING (BIDEOA)
EBALUAZIO KRITIKOA
Role-playing-a egin ondoren konturatu gara oso zaila dela gurasoen bilera bat bideratzea eta egin beharreko guztia kontuan izatea.
Nahiz eta gidoia ondo prestatuta eraman, gurasoekin hitz egiteko momentuan datu batzuk ahaztu egin dira (agian, kamera egotearen urduritasuna dela eta), eta zuzenean arazoa azaltzera ekin da. Konturatu gara, gainera, gurasoen konpromisoa eskatzeko momentuan, jarrera pixka bat erasokorra izan dela eta, eskatu baino, exijitu egin dela (“berarekin gehiago egon behar duzue”). Hala ere, laguntza eskaini egin da, izan ere, bileren bidez jarraipen bat egiteko konpromisoa hartu da, bai irakaslearen bai gurasoen aldetik.
Komunikazioari dagokionez ere, aspektu batzuk hobetu ahal dira. Alde batetik, ahoskera ez da oso ona, azkarregi hitz egin du batzuetan (hala ere, grabazioaren kalitatea ez da oso ona eta zarata gehiegi zegoen inguruan) eta feedback positibo gutxi egon da, bai ahozkoan bai gorputz adierazpenean. Gainera tutoreak arazoak izan ditu elkarrizketa gidatzeko gurasoak haien artean eztabaidatzen hasten direnean. Hala ere, modu horretan ere, irakasleak umearen inguruari buruzko informazio ugari lortu ahal izan du. Beste alde batetik, komenigarria izango litzateke umearen alde positiboei garrantzi handiagoa ematea, izan ere, adierazi den alde positibo bakarra klase-kideekin harreman ona duela izan da eta, gainera, bere jarrera txarraren iturri bezala azaltzen da.
Beste alde batetik, orokorrean jarrera zuzentzailea eta ez zuzentzailea modu egokian erabili ditu. Lehenengoa informazioa eskatzean eta batzean antzeman daiteke, baina gurasoen eztabaidaren aurrean arazoak izan ditu jarrera zuzentzailearen bidez egoera bideratzeko. Jarrera ez zuzentzaileari dagokionez, modu zuzenean erabili du gurasoei arazoaren irtenbideak proposatzean, nahiz eta batzuetan inposaketaren bat egin duen.
Honen guztiagatik, hurrengorako aspektu batzuk hobetu behar ditugula ikusi dugu, tutore eraginkorragoak izateko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario