Erreportajean azaltzen den bezala, teknologia berriak ikasgeletan ezartzea ez da nahikoa hezkuntzan hobekuntza nabaritzeko. Dirudienez, irakasleek ez dute behar duten formakuntza jasotzen, horregatik teknologiak ez dira behar bezala aprobetxatzen. Ez du zentzurik hainbeste diru erabiltzea eskolak ordenagailuz hornitzeko irakasleak hauek erabiltzeko prest ez badaude. Honekin lotuta, irakasleak formatzeaz aparte, oso garrantzitsua da etorkizuneko irakasleak ere prestatuta ateratzea unibertsitatetik (bai metodologiaren aldetik bai motibazioaren aldetik).
Teknologia berriek benetako eragin positiboa izateko, hezkuntza helburuetan eta metodologian aldaketak egin beharko lituzkete. Testu liburuak ordenagailuekin ordezkatzeak ez du aldaketa handirik ekartzen. Teknologiek bestelako baliabideak eskaintzen dizkigute eta horiek aprobetxatzen ikasi behar dugu. Modu horretan, teknologiek irakasleen funtzioa aldatzea ahalbidetzen dute; hau da, irakaslea azalpenak eman beharrean ikasleen laguntzaile eta orientatzaile bihurtuko da. Irakasleak arazoak ebatziko ditu eta lan indibiduala zein kolektiboa sustatuko dira. Beraz, ikasleen jarraipena askoz eraginkorragoa izango da. Honekin lotuta interesgarria da erreportajean azaltzen de Khan-en metodoa.
Hala ere, teoria oso ondo dago (teknologia berriek, metodologian aldakuntzak eginez, hobekuntzak ekarriko dizkiote hezkuntza sistemari), baina praktikan oso konplexua da; irakasleak dira eguneroko egoera ikusten dutenak eta arazoak eta erabilgarritasuna ikusten dutenak. Askok pentsatzen dute gastu handia dela eta hobe izango litzatekeela beharrezkoagoak diren beste hobekuntza batzuetan erabiltzea diru hori. Gainera metodologia arina ez dela diote, denbora eta umeen arreta galarazten baitute. Hori nik frogatu ahal izan dut, nire ingeleseko ikasleei gehiago kostatzen baitzaie arreta mantentzea entzutezko ariketak ordenagailuan egiten ditugunean nik irakurtzen ditudanean baino. Noski, grabazioaren ahoskera nirea baino hobea da, baina klasea asko moteltzen da; beraz, bien arteko oreka bilatu behar izaten dut. Horregatik esaten dut zaila dela teknologiak ezartzea.
Argi dago teknologia berriak gizartean badaudela; beraz, saihestezina izango da eskoletan ere ezartzea, eta beharrezkoa, gainera, atzeratuta geratu nahi ez badugu. Bidea hasi da, baina luzea izango da eta aldaketak (metodologian, helburuetan, etab.) beharrezkoak izango dira.
Gaia oso interesgarria da, Raquel.
ResponderEliminarZure ekarpenean zu falta zarela esango nuke. Dena dago, gutxi asko, artikuluan esanda. Honen helburua ez da sintesi eta itzulketa lana egitea -nahiz et abiak behar diren- honen helburua da zure iritzia oinarritzea, zure hausnarketa egitea eta zure bidean ibiltzea. Artikulutik haratago joaten saiatu behar duzu.
Kasualitatez hauxe eduki dut hor gordeta. Zer begitantzen zaizu?
Oso interesgarria iruditu zait. Uste dut oso zaila dela teknologia berriak eskoletan ezartzea modu eraginkorrean, metodologian aldaketak egin behar direlako eta ikasleek formakuntza behar dutelako. Horregatik, horrelako proiektuak sortzea oso garrantzitsua iruditzen zait, aldaketa lortzeko bidearen hasiera delako. Hala ere, ez da erraza izango eta, Aulatekniakoek dioten bezala, aldaketarako denbora behar da.
ResponderEliminarEskerrik asko estekagatik. Gordeko dut etorkizunean baliagarria izan daitekeelakoan.